XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta horrela, jainkoaren borondatearen interpretatzaile bere burua eginik, apostoluak lantza, balezta, habaila eta bonbardaz horniturik bidaltzen ditu gurutzeratuaren alde predikatzera.

Otzara, maleta eta bagaiaz horniturik ere joanarazten die, babestokitik baraurik irten beharrik izan ez dezaten, zalantzarik gabe.

Gure gizona ez du zalantzan jartzen ahalegin itzela ipinita erosteko agindu zuen ezpata, berehala, agirika eginaz, zorroratzeko eskatzeak ere; eta inoiz ez da bidezko den zerbait bezala entzun apostoluek jentilen bortxakeriaren aurrean ezpatak eta ezkutuak erabili dituztenik, eta erabiliko zituzten, baldin Kristok hauek interpretatzen duten moduan sentitu izan balu.

Badago beste bat ere, ospearen arabera azkenengoetarikoa ez dena, baina bere ohoreagatik izenik emango ez dudana, Habakukek aipatzen dituen kanpadendetatik: Larruak Madiango lurrean nahasita dira larrutua izan zen Bartolomeren larruaren aipamena egiten duena.

Eta duela gutxi egon nintzen eztabaida teologiko bat ikusten, sarri egiten dudan gauza; han, baten batek hereseak eztabaidaren bidez irabazi beharrean suaz menperatzera baimentzen zuen jainkozko eskriturako pasartea zein zen esateko eskatzen zuen; agure garratz batek, betartearen itxuratik teologoa zena, haserre bizian erantzun zion lege hori Paulok eman zuela, hau esan zuenean: Itzur zakizkiote hereseari, lehenengo eta bigarren zentzaldia egin ondoren.

Hitz hauek trumoiaren pareko hotsekin etengabe errepikatzen zituenez, gehienak, harriturik, gizon hari zer gertatzen zitzaion galdezka hasi zirenean, azkenean azaldu zuen hereseari bizia kendu behar zitzaiola.

Batzuek barre egin zuten, baina hala ere han ez ziren falta izan iruzkin hau oso-osorik teologiarena zela uste zutenak eta, bestalde, batzuk hitz egiteko eskatzen etengabe ari zirenez, deitu horietako autore jarkiezin bat jaiki zen hitz egitera.

Entzun iezadazue, esan zuen, idatzirik dago: Ez ezazue jasan dongeak bizirik segi dezan.

Herese guztiak dongeak dira; beraz e.a.

Zur eta harri geratu ziren han zeuden guztiak gure gizonaren agudeziaz eta mundu guztia bere iritziaren aldera joan zen oin, abarka eta guzti.